Erakusketa Indesarekin lankidetzan antolatu da, eta naturan eta euskal dantzetan inspiratutako 15 olio pintura biltzen ditu
Ignacio Aldecoa Kultura Etxean Alazne Mantxa artistaren ‘Natura ederra da’ erakusketa inauguratu da gaur. Erakusketa abuztuaren 1era egongo da ikusgai. Alaznek Laudioko Lantze tailerrean lan egiten du, Indesaren arlo industrialean. Enplegu zentro berezi horretan erakunde publikoek eta, bereziki, Arabako Foru Aldundiak parte hartzen dute, eta desgaitasuna duten pertsonak lurraldean laneratzea eta gizarteratzea sustatzen dute.
Erakusketa Kultura Etxeak antolatzen du, Indesarekin lankidetzan. 15 olio pinturetan Laudioko artistak euskal naturari eta dantzei buruzko begirada berezia erakusten du, horiek baitira bere inspirazio iturri nagusiak.
Artistak berak nabarmendu nahi izan du pintura bere grina handienetako bat dela nerabezarotik, eta, bere margolanen bidez, ingurune naturalaz eta kultura tradizioez duen ikuspegia partekatu mahi duela, baita berdintasun mezu bat helarazi ere: “Desgaitasuna duen pertsona gisa, uste dut pertsona guztiok aukera berdinak izan behar ditugula eta errespetatuak izan behar dugula”, adierazi du.
Irekiera ekitaldian Gizarte Politiken Saileko Gorka Urtaran foru diputatua eta Kultura eta Kirol Saileko Ana del Val foru diputatua izan dira, eta ekimenaren balio kulturala eta soziala nabarmendu dute.
Hala, foru arduradunek azpimarratu dute erakusketa hau Arabako talentuaren adibide bat dela, eta kultura pertsona guztien benetako inklusio eraginkorrean aurrera egiteko funtsezko tresna izan daitekeela. Era berean, balioa eman diote Indesak lan aukeren motor gisa eta garapen pertsonal eta profesional gisa duen zereginari, bizimodu independentea izateko bide gisa.