Indesak desgaitasuna duten pertsonei eskaintzen dizkien lan eskaintzak aurkeztu ditu Merkalanen, Lanbideren enplegu azoka birtualean
Indesa 2010 enplegu zentro berezia Merkalanen IV. edizioan parte hartzen ari da egunotan. Lanbideren enplegu eta prestakuntza azoka birtuala da, eta Araban desgaitasuna duten pertsonei eskaintzen dizkien enplegu eskaintzak aurkezten ditu.
Indesak dituen enplegu eskaintzak ezagutzeko interesa dutenak ekainaren 2ra arte formatu birtualean egiten ari den enplegu azokan sar daitezke, esteka honen bidez: www.merkalan.eus/#feria. Bertan, enplegu eskaintzak eta prestakuntza aukerak bilatu ahal izango dira, bai eta parte hartzen duten enpresekin harremanetan jarri ere. Indesaren enplegu eskaintzetan interesa duten pertsonak zuzenean ere jar daitezke harremanetan, helbide elektroniko honen bidez: indesa2010.portaldeempleo@araba.eus.
Indesa 2010 Arabako Foru Aldundiak irabazteko xederik gabeko enplegu zentro berezi gisa eratutako sozietate publiko bat da. Desgaitasuna duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa emateko sortu zen, pertsona horiek erabat laneratzeko eta gizarteratzeko.
2022an, Indesak 28 enplegu egonkor sortu zituen, langileen erretiroen ondorioz hutsik geratutako lanpostuak betetzeko eta garatutako jarduera berriak gauzatzeko.
Zentroak enplegu aukera ugari sortzen ditu industria jardueretan eta zerbitzuetan, sukaldean, garbitegian, lorezaintzan eta zentro eta egoitzen garbiketan, sektore publikoari zein enpresa pribatuari erantzuteko.
Indesako plantilla 904 langilek osatzen dute; haietatik 811k % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dute, eta Gasteizen, Laudion, Oionen eta Burgelun dauden zazpi lantegietan egiten dute lan.