Atzo, Indesak Langile Egunaren bigarren edizioa ospatu zuen, Europa Jauregian egindako ekitaldi berezi batean. Guztira, 500 pertsona inguru bildu ziren, egunerokoan Indesa posible egiten duten pertsonak aitortu, partekatu eta balioan jartzeko helburuarekin.
Ekitaldiak Indesaren bihotzera egindako bidaia sinboliko bat proposatu zuen, erakundearen muina diren pertsonak erdigunean jarriz. Ibilbide emozional honek harrotasuna eta pertenentzia-sentimendua indartu zituen, eta eguneroko lanak duen benetako eragina azaleratu zuen.
Bidaia honen gidari Julen Axpe umoregile eta komunikatzailea izan zen. Bere estilo bereziari esker, barre eginarazi, hausnartzera gonbidatu eta hunkitu egin zituen bertaratutakoak. Amaieran eskainitako olerkiak ekitaldian bizitako emozio askori hitzak jarri zizkien.
Ekitaldiko une esanguratsuenetako bat aitortzen blokearena izan zen. Arlo desberdinetako pertsonek euren ibilbideagatik, inplikazioagatik eta ekarpenagatik aitortza jaso zuten. Keinu xumea, baina esanahi handikoa, egunerokoan askotan ikusezin geratzen diren istorioei ikusgarritasuna ematen diena.
Jardunaldian zehar, geldialdi berezi baterako tartea ere egon zen: Indesako parte izan diren eta gaur egun gurekin ez dauden pertsonak gogoratzeko unea. Errespetuz eta gertutasunez bizitako momentua izan zen, haien arrastoa erakundearen barruan bizirik dagoela gogorarazteko.
Langile Eguna, gainera, lankideen arteko topagune ere izan zen, lanetik harago esperientziak partekatzeko eta Indesa enpresa handi, anitz eta konpromiso sozial handikoa bihurtzen duten loturak sendotzeko.
Bigarren edizio honekin, Indesak bere kultura sendotzen duen ekimen bat finkatzen du, pertsonak erdigunean jartzeko apustua berretsiz, eta komunitate moduan hazten jarraitzeko bidean urrats sendoak emanez.