Indesak beste lau urtez kudeatuko du Forondako aireportuko kafetegia

Indesak beste lau urtez kudeatuko du Forondako aireportuko kafetegia

Kontratua berritzeak hamaika lanposturi eustea bermatzen du, eta Arabako Foru Aldundiak Gasteizko aireportuaren alde egindako apustua indartzen du

Indesa enplegu zentro bereziak beste lau urtez jarraituko du kafetegi zerbitzua ematen Forondako aireportuan. Aenak gehienbat desgaitasuna duten pertsonak enplegatzen dituen enpresa horri esleitu dio ostalaritza establezimenduaren errentamendua, 2029ko azarora arte ustiatu dezan. Vitoria-Gasteizko aireportua sustatzeko Arabako Foru Aldundia gauzatzen ari den ekintzetako bat da jarduera hori.

Neurriak, gainera, gaur egun establezimenduan lan egiten duten hamaika pertsonen enplegua finkatzea ahalbidetuko du. 2018. urtearen erdialdean, Indesa sozietate publikoak, Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapenaren Sailak bultzatuta, aerodromoko kafetegi zerbitzua jarri zuen abian, zeinak zenbait urte baitzeramatzan itxita. Ordutik, Indesak kudeatutako establezimenduak pixkanaka jarduera handitzea lortu du, terminaletik igarotzen den bidaiari kopurua ere handituz joan den heinean.

Aurten, irailera arte, kafetegiak 212.000 euro fakturatu ditu, eta 38.000 tiket inguru eman ditu, iaz urte osoan baino bi mila gehiago. Horrek agerian uzten du zerbitzua sendotu egin dela eta aireportuko bidaiariek eta langileek gero eta gehiago erabiltzen dutela.

Indesa irabazteko xederik gabeko sozietate bat da, administrazio publikoen partaidetza duena, gehienbat Arabako Foru Aldundiarena, eta langileen % 90ek desgaitasunen bat du. Mila langile baino gehiago ditu; gehienek dibertsitate funtzionala dute, eta arlo hauetakoren batean egiten dute lan: Vitoria-Gasteizko gizarte etxeak eta egoitzak garbitzen, dokumentazioa kudeatzen, industria lantegietarako tailer osagarrietan, Osakidetzaren ospitaleetarako ikuztegi zerbitzuan, lorezaintzan, foru egoitzetarako sukaldaritza zerbitzuan eta Forondako aireportuko kafetegian.

Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua eta Ander Eguidazu Indesako zuzendari kudeatzailea kafetegiko instalazioetan izan dira, Begoña Llarena Vitoria-Gasteizko Aireportuko zuzendariarekin batera.

Saray Záratek nabarmendu duenez, Arabako Foru Aldundiaren helburua da Forondako aireportua 500.000 bidaiari izatera iristea, “ibilbide eta airelinea berrien bidez, eta, horretarako, funtsezkoa da kalitatezko oinarrizko zerbitzuak izatea”. Horiek horrela, foru diputatuak nabarmendu du kontratua berritzeak indartu egiten duela Arabako Foru Aldundiak azpiegitura horren alde egindako apustua. “Oso albiste ona da; izan ere, zerbitzu eta arreta profesionala eta bikaintasuna bermatzen ditu, eta desgaitasuna duten pertsonentzako enplegua finkatzen eta sortzen du”.

Bestalde, Indesako zuzendari kudeatzaile Ander Eguidazu pozik agertu da Aenaren erabakiarekin, eta adierazi du berritzeak aukera ematen duela proiektuari jarraipena emateko eta frogatuta geratu dela proiektua bideragarria, aireporturako erabilgarria eta plantillako hamaika pertsonentzat oso garrantzitsua dela.

Eguidazuk gaineratu duenez, “baldintza egokiak direnean, dibertsitate funtzionala duten pertsonek profesionaltasunez eta publikoarengandik gertu lan egin dezakete, eta horren adibide da Forondako kafetegia”, eta Aenaren eta Arabako Foru Aldundiaren lankidetza eskertu du “Indesan eta haren giza taldean konfiantza izateagatik”.