Indesa enplegu zentro bereziak 48,7 milioi euro sortu zituen iaz Arabako gizarte balio integratuan

Kontabilitate sozialak kuantifikatu egiten du enpresaren jarduerak zer eragin onuragarri duen desgaitasuna duten pertsonengan eta haien familiengan, administrazio publikoetan, bezeroengan eta ingurune sozioekonomikoan

Gasteiz, 2024ko apirilaren 10a. Indesa enplegu zentro bereziak, zeinaren plantillaren % 90 desgaitasuna duten pertsonek osatzen baitute, 48,7 milioi euro sortu zituen iaz Araban gizarte balio integratuan; kontzeptu horrek lurraldean duen eragina eta gizarte balioa kuantifikatzea eta objektibatzea ahalbidetzen du. Gizarte balio integratua kontabilitate eredu bat da, Ehlabe-n sartuta dauden Euskadiko enplegu zentro berezi guztiek partekatzen dutena. Indesaren zuzeneko eta zeharkako balio sozioekonomikoa neurtzeaz gain, eredu honek kuantifikatu egiten du bere jarduerak zer-nolako eragin onuragarria duen enpresarekin elkarreragiten duten interes taldeetan, hala nola desgaitasuna duten pertsona enplegatuengan eta haien familiengan, administrazio publikoetan, bezeroengan eta ingurune sozioekonomikoan.

Gizarte balio integratuaren barruan honakoak daude sartuta: soldatak, desgaitasuna duten pertsonen laneko prestakuntza eta orientazioa, eragina lehiakortasunean eta enpresa sarean, aurrezpena kotizazio gabeko pentsioetan eta, gainera, aurrezpena beste egoera batean familiei legozkiekeen osasun gastuetan edo zaintza eta kontziliazio denboran.

Gainera, jasotako zuzeneko dirulaguntzen euro bakoitzeko, Indesak 8,17 euro itzultzen dizkio gizarteari bere interes taldeen bitartez.

Datu horiek eman ditu gaur goizean Ander Eguidazu Indesako zuzendari kudeatzaileak, Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Agerraldi horretan, Administrazio Kontseiluak onetsi berri dituen 2023ko ekitaldiko kontuen eta enpresaren egoeraren berri eman du.

Indesa sozietatea da, administrazio publikoen partaidetza duena, hala nola Arabako Foru Aldundiarena (partaidetza handiena), eta irabazteko xederik gabeko enplegu zentro berezi gisa eratuta dago. Haren helburua da desgaitasuna duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa ematea, erabateko laneratzea eta gizarteratzea lortzeko. Zentroak enplegu aukera ugari sortzen ditu industria jardueretan eta zerbitzuetan, sukaldean, garbitegian, lorezaintzan eta zentro eta egoitzen garbiketan, sektore publikoari zein enpresa pribatuari erantzuteko.

Indesan 904uden 2023ko urte amaieran, eta haietatik % 90ek % 33ko desgaitasuna edo handiagoa dute. Inguruko enplegu zentro berezien artean ehuneko handiena da.

Indesako zuzendari kudeatzaile Ander Eguidazuk zehaztu duenez, azken hilabeteetan berriro ekin zaie lan hitzarmen berriaren negoziazioei, enpresako zuzendaritzak berrantolatu dira eta barneko eta kanpoko komunikazio plan bat jarri da abian.

Era berean, 2025-2030 Plan Estrategikoa egiteko lizitazioa egin da. Plan horren helburua Indesak datozen urteetan izango dituen erronkei aurre egitea da. Erronka horietako bat da jarduerak dibertsifikatzea, bereziki industria arloan, enplegu berriak sortzea ahalbidetuko duena, sektore horrek ahalmen handia baitu desgaitasun desberdinak dituzten pertsonak hartzeko. Beste helburuetako bat plantillak berritzea da, langileen batez besteko adina murrizteko eta langileen zahartzea modu eraginkorrean kudeatzeko.

Plan estrategikoak, gainera, hezkuntza eta berrikuntza sistemarekin loturak ezartzea bilatuko du, bai eta Indesaren ekimenak garapen jasangarriaren helburuekin bat egitea ere, bere ekintza guztietan jasangarritasuna lehenetsiz.

Munta ekonomikoei dagokienez, Indesak 17,7 milioi euro fakturatu zituen iaz, eta bere kontuak eta emaitzek 220.000 euroko saldo positiboa izan zuten. Langile gastuak 18,3 milioi eurokoak izan ziren, aurreko urtean baino % 7,7 gehiago.