Indesa 2010ek Berdintasun Plana jarri du abian

Enplegu-zentro bereziak 800 pertsonari ematen die lana, gehienak desgaitasunen bat dutenak, eta lehen berdintasun-plana onartu du.

Marian Olabarrietak Arabako Foru Aldundiak eta Indesa 2010 erakundeak sexuagatiko balizko diskriminazioak ezabatzeko eta langileen lan-egoera hobetzeko duten “konpromisoa” azpimarratu du.

Vitoria-Gasteiz, urriaren 3a. “Indesako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana 2010 Arabako Foru Aldundiak emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra sustatzeko neurriak hartzeko duen konpromisoaren beste adibide bat da”.

Hala adierazi du gaur Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuak, enplegu zentro berezi horrek datozen lau urteetan berdintasunaren alorrean egingo dituen ekintzak arautuko dituen dokumentua aurkezteko prentsaurrekoan. Planak lau urteko aplikazio-aldia du, eta 38 ekintza zehatz abiaraztea aurreikusten du.

Indesa 2010 enplegu-zentro berezian, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailaren mendeko enpresa publikoan, batez beste 800 pertsonak egiten dute lan, eta horietatik % 90 desgaitasunen bat duten pertsonak dira, eta garbiketan, lorezaintzan, garbitegi industrialean, edo sukaldea. Langileen % 44 emakumeak dira, eta gainerako % 56 gizonak.

Marian Olabarrietak plan hori abian jartzearen “garrantzia” azpimarratu du. Izan ere, Indesa 2010 Arabako enpresa handienetako bat da plantillari dagokionez, eta langileen profil nagusia desgaitasunen bat duten pertsonena da: “Desgaitasuna duen pertsona izatea eta, gainera, emakumea izatea diskriminazio bikoitza da, eta bizitzaren eremu askotan, baita lan-arloan ere, eragotzi egiten dute pertsona horiek berdintasunean parte hartzea”, gaineratu du Gizarte Zerbitzuetako titularrak.

“Plan honek erakusten du erakundeak konpromisoa duela emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna txertatzen laguntzeko, sexuagatiko balizko diskriminazioak ezabatuz eta, horrela, langileen lan-egoera hobetuz”, gaineratu du Marian Olabarrietak.

Jokabide matxistak ezabatzea

Patxi Anton Indesa 2010eko zuzendari gerenteak ere prentsaurrekoan parte hartu du, eta planak aurreikusten dituen 38 neurri zehatzetako batzuk aurreratu ditu. Neurri horiek esku hartzeko lau arlo nagusitan banatzen dira: berdintasunaren aldeko konpromisoa; pertsonen kudeaketa berdintasunez; lana, bizitza pertsonala eta familia bateragarri egitea; eta tratu ona sustatzea eta jokabide matxistak ezabatzea.

Planak garatzen dituen ekintza zehatzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua enpresaren kulturan txertatzea; gomendioak langileak kudeatzeko prozesuetan, emakumeen sarbidea eta sustapena errazteko; ordainsari-politikari buruzko azterlan bana egitea, ordainsarietan egon daitezkeen desberdintasunak identifikatzeko, eta langileak uztartzeko benetako premiei buruz; eta bateragarritasuna sustatzea adingabeen eta mendeko pertsonen zaintza-kasuetan, gizonek ere neurri horiei hel diezaieten sustatuz.

Jokabide matxistak ezabatzeari dagokionez, honako neurri hauek hartu dira: langileak sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren inguruan sentsibilizatzea, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurrean jarduteko protokolo espezifiko bat egitea, eta lantaldeetan tratu ona errazteko neurriak hartzea.