Lakondoa zentro berria inauguratu da TEA duten pertsonentzat eta desgaitasun intelektuala dutenentzat
Lakondoa foru zentro berria inauguratu da Arratzua-Ubarrundian. Autismoaren espektroaren nahasmendua (AEN/TEA) eta desgaitasun intelektuala duten, laguntza intentsiboak eta egokitutako ingurune bat behar dituzten pertsonentzat pentsatutako baliabide aitzindaria da.
Lakonduak eguneko zentroko 20 plaza eta egoitzako 12 plaza uztartzen ditu, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako eredu malgu eta pertsonalizatua ahalbidetuz.
Inkorporazioak urriaren 22an hasi ziren, eta pixkanaka egiten ari dira.
Espazio egokituak eta arreta espezializatua
Zentroak 1.000 m² baino gehiago ditu, eguneroko jardueretarako, estimulaziorako, informatikarako, psikomotrizitaterako, lasaitze-geletarako eta espazio komunetarako guneetan banatuta.
Kanpoaldean kirol-eremuak, atseden-guneak eta baratze txiki bat sortzeko espazioa daude.
Lakonduak 20 profesionaleko gizarte- eta osasun-arloko lantalde multidiziplinarra du, eta garraio egokituko zerbitzu jarraitua ere badu.
Baliabide honek arreta pertsonalizatua eskaintzen du, helburu hauekin:
• autonomia pertsonala hobetzea,
• gaitasun funtzionaletako mugak konpentsatzea,
• komunitatean parte-hartzea sustatzea,
• eta familiei zaintzan laguntza ematea.
Itxaron-zerrendaren amaiera
Lakondoa ireki ondoren, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du kolektibo honetako eguneko zentro eta egoitza plazen itxaron-zerrenda zeroan geratu dela.
Zentroa sare publikoaren handitzearen parte da, azken urteotan 100 plaza berri baino gehiago sortu baitira.
Indesaren laguntza
Indesa bertan izan zen inaugurazioan, baliabide berri honi gure babesa eta laguntza ematen, desgaitasuna duten pertsonen arretarako sare publikoa indartzen duelako eta lurraldeko erakundeen arteko lankidetza sendotzen duelako.
Lakondoa urrats garrantzitsua da baliabideak profil eta behar berrietara egokitzeko bidean, eta eredu malgu eta pertsonalizatuagoetara aurrera egiteko.