Indesa 2010ek eta enpresa-batzordeak 2019ra arteko hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa sinatu dute

Indesa 2010 SL foru-enpresa publikoak eta enpresa-batzordeak aurreakordioa lortu dute 2019. urtera arte indarrean egongo den hitzarmen kolektiborako, soldata- eta gizarte-hobekuntzak barne. Foru Gobernuaren Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia “pozik” agertu da aurreakordioa sinatu delako.

Indesa 2010 enplegu-zentro berezia da, eta bere helburu nagusia Araban desgaitasuna duten pertsonentzako kalitatezko enplegu-aukera iraunkorrak sortzea da, haien laneratzea eta gizarteratzea lortzeko. Une honetan, 800 langile baino gehiago daude Indesan, eta gehienek desgaitasun fisikoa, intelektuala edo psikikoa dute. Indesa 2010eko langileek parte hartzen duten jarduera-eremuak, besteak beste, industria, garbiketa, lorategien mantentze-lanak, garbitegi industriala eta cateringa dira.

Enpresak eta langileek hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa lortu zuten joan den ostiralean, 2016-2019 aldirako, eta hura behin betiko berresteko, langileek batzarrean onartu beharko dute, eta sozietatearen Administrazio Kontseiluak oniritzia eman beharko dio.

Bi aldeek eskatu dute berrespena iraileko lehen hamabostaldian egiteko.

Aurretiko akordio horrek soldata-hobekuntzak eta hobekuntza sozialak jasotzen ditu, hala nola lanorduen murrizketa, norberaren aukerako egunen igoera, eta Indesako 2010eko langileen aldeko bizitza- eta istripu-aseguru bat lehen aldiz kontratatzea, beste hobekuntza batzuen artean.