Indesa enplegurako zentro bereziak eta Zuzenak Fundazioak lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

 

Indesa enplegurako zentro bereziak eta Zuzenak Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute hurrengo lau urteetarako, desgaitasuna duten pertsonak lan arloan eta kirolean sartzearen aldeko “apustu argia” egiten jarraitzeko. Hala, bi erakundeek azken urteotan batera egin duten lana sendotuko dute, eta ildo berriak ezarriko dituzte sinergiak indartzeko, eta, horren bidez, batera egiten dituzten jarduerei ikusgaitasun handiagoa emateko.

Gorka Urtaran Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Saileko diputatuak eta Ander Eguidazu Indesako gerenteak Itxaso Carrillo Zuzenak Fundazioko gerentearekin batera aurkeztu dute hitzarmena, Zuzenak elkartearen egoitza den Julio Roca jarduera fisiko egokituaren zentroan, Gasteizen.

Indesa administrazio publikoen partaidetza duen sozietatea da, hala nola Arabako Foru Aldundiarena (partaidetza handiena), eta irabazi asmorik gabeko enplegu zentro berezi gisa eratuta dago. Bere helburua da desgaitasuna duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa ematea, erabateko laneratzea eta gizarteratzea lortzeko.

Gune hori enplegu-aukera zabala da industria- eta zerbitzu-jardueretan, sukaldaritzan, garbitegian, lorezaintzan eta zentroen eta egoitzen garbiketan, sektore publikoa eta enpresa pribatua kontuan hartuta. Indesako plantillan 900 pertsona inguru daude, eta horien % 90ek desgaitasuna dute.

2027ra arteko iraupena izango duen lankidetza hitzarmen berriaren bidez, Zuzenak Fundazioak konpromisoa hartu du Indesako langileentzako gizarte ekintzak antolatzen jarraitzeko, langile horiek erabat gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko; Indesak, berriz, klubean egiten den kirol egokitua ez ezik, hurrengo lau urteetan Zuzenak Fundazioak egiten dituen jarduera sozial guztiak ere babesten jarraitzeko konpromisoa hartu du.

Gainera, lankidetza hitzarmen berri horri esker, Zuzenak Fundazioak ate irekien jardunaldi bat antolatuko du, enplegurako zentro bereziko langileek bertatik bertara ezagutu ditzaten kirolariak eta klubak duen kirol eskaintza.

Horrez gain, zenbait gizarte jarduera egingo dituzte, eta bi prestakuntza hitzaldi urtero Indesako langileentzat, erabat gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko.

Jarduera horiek dohainik edo merkeago egin ahal izango dituzte kasu batzuetan Indesako langile guztiek eta haien senideek, hala Gasteizen egiten direnak, nola Laudion, Amurrion eta Agurainen egiten direnak.

Zuzenak Fundazioak, gainera, enplegurako zentro bereziaren marka zabalduko du berotzeko elastikoetan, jokorako gurpil aulkietan, saski tauletan eta partidak iragartzeko karteletan.