
IZENA: AKWASI MENSAH
ADINA: 32 URTE
LAN-ARLOA: INDUSTRIA ARLOA LORTU TAILERRA
LANPOSTUA: ARDUNADURA
ANTZINATASUNA INDESAN: 13 URTE
Nolakoa da egun bat zure lanean Indesan?
Arratsaldeetan sartzen naizenean, bilera bat egiten dugu nagusiarekin, eguneko lan-zerrenda parteka diezagun; ondoren, taldekideen artean banatzen dugu lana, bakoitzari dagokiona. Gero, lan guztia ondo ateratzen dela kontrolatzen dut, eta lankideei laguntzen diet behar bezala egin dezaten.
Nola iritsi zinen Indesara?
15 urte nituela, arrantza-ontzi espainiar batean hasi nintzen lanean Boli Kostan. Denbora bat neramala, armadoreak esan zigun itsasontzia saldu egin behar zuela eta Espainiara bueltan ekarri behar zuela. Espainiara etorri nintzen ontzia ekartzera, eta geratu egin nintzen.
Lehenik hilabete batzuk Galizian eman nituen, eta gero Gasteizera etorri nintzen hemen lagun bat nuelako. Gasteizen, oraindik 17 urte nituenez, poliziak adingabeen zentro batera eraman ninduen, eta han hainbat gauza ikasten hasi nintzen: gaztelania, elektrizitatea, pintura eta autoen pintura, karrozeria.
Horren ondoren, zoritxarrez, nire gaixotasunarekin hasi nintzen, giltzurrunetatik oso gaixo jarri nintzen. Dialisira joaten hasi nintzen eta oso gaizki egon nintzen eta % 33ko desgaitasuna eman zidaten.
Garai hartan, 2012an, nire orientatzaileak hona bidali ninduen, Indesara, praktika batzuk egitera, hemen industria-arloan, goizetan dialisira joaten nintzen eta arratsaldeetan hona etortzen nintzen tailerrera, 3 edo 4 hilabetez.
Praktikak amaitu nituenean, ez zegoen lanik; beraz, etxera bidali ninduten, tratamenduarekin jarraitu nuen eta, Jainkoari eskerrak, giltzurrun-transplantea lortu nuen 2014an.
2015ean, behin transplantea egin zidatenean, Indesatik deitu zidaten, lanpostu bat zegoelako, eta kontratu bat sinatu nuen eta hemen hasi nintzen lanean.
Zer da zure lanean gehien baloratzen duzuna?
Hauxe da hemen, Gasteizen, eta Espainian izan dudan lehen lana eta bakarra. Oso gustura nago egiten ari naizenarekin, bai eta lankideekin eta nagusiekin ere. Asko eskertzen diot nire nagusiari, asko lagundu baitit. Egunero ikasten ditut gauza berriak.
Erronka garrantzitsuren bat gainditu al duzu sartu zinenetik?
Indesan sartu nintzenean, B espezialista gisa hasi nintzen, gero A mailara igo ninduten, gero aldi baterako promozioarekin langile kualifikatu mailara, eta orain arduradun mailara. Egunero ikasten joatea eta nire lana ahalik eta ondoen egitea, horixe izan da nire erronka.
Zer ikasi duzu Indesan, maila profesionalean zein pertsonalean?
Asko ikasi dut Indesan, eurek irakasten didate, eta gero nik ikasi egiten dut, azkar hartzen dut gogoan, eta gero, tamaina hartzen diodanean, nire egiten dut.
Ikasi dut nola antolatu lana, baina baita pertsonei akonpainatzen, lasaitzen eta lasai egon daitezen laguntzen ere.
Zer aholku emango zenioke enpresan sartu berri den norbaiti?
Pazientzia izan dezala, lasai egon dadila, agian hasieran ez du jakingo eskatzen dioten lana egiten, baina irakatsi egingo zaio, eta arian-arian hartuko dio neurria. Eta animo handia izan dezala.
Zure ustez, gizarteak zer ulertu beharko luke hobeto desgaitasuna duten pertsonei buruz?
Badaude lanak pertsona bakoitzarentzat egokiak direnak, zure gaitasunaren arabera ezin izango dituzu gauza batzuk egin, beste batzuk bai, baina beti dago egin daitekeen lan bat. Adibidez, ezin bazara zutik egon, eserita egon zaitezkeen lan bat egingo duzu.
Horregatik da garrantzitsua pertsona guztientzat egokitutako lanak egotea.
Zerekin gozatzen duzu lanetik kanpo?
Gustatzen zait nire familiarekin egotea, emaztearekin eta hiru seme-alabekin.
Zer gauza lortu edo egin nahiko zenuke, lanean edo zure bizitzan?
Bizitza osorako Indesan geratu nahi nuke, oso pozik nago aukera honekin, hemen geratu eta ikasten jarraitu nahi nuke.
Gasteizen bizitzea gustatzen zait, nire etxea da, hemen geratuko naiz eta etorkizunean gustatuko litzaidake, ahal baldin badut bederen, etxe bat erostea.
Zure abestia, motibatzeko entzuten duzuna…
Niri Gospela gustatzen zait, Don Moen entzuten dut, amerikarra.
Here We Are Don Moen.