Eusko Jaurlaritza eta Vitoria-Gasteizko Udala Indesa 2010 SLren Administrazio Kontseiluko kide dira gaurtik aurrera. Enplegu-zentro berezi horren helburua Araban dibertsitate funtzionala duten pertsonak laneratzea da, eta 800 langile baino gehiago ditu; horietatik % 92 desgaitasunen bat duten pertsonak dira.
Bi erakundeek berriki eskuratu dituzte Indesa 2010en partaidetza sozialak, harekin duten zerbitzu-harremana dela eta. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, partaidetza sozialak lehen aldiz eskuratzeak aukera emango dio Indesa 2010 Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren mendeko erakundeen bitarteko propio eta zerbitzu instrumentaltzat hartzeko. Gasteizko Udalari dagokionez, 2014tik Indesa 2010ean partaidetza soziala bazuen ere, aurten bere partaidetza handitu egin da.
Apustu horri esker, beraz, bi erakundeek Indesa 2010eko Administrazio Kontseiluan eta kudeaketa arruntean sartu ahal izango dute. Indesa % 100eko kapital publikoa duen sozietatea da, eta Arabako Foru Aldundiaren eta lurraldeko hainbat toki-erakunderen partaidetza du.