Harrotasuna, errespetua eta berdintasuna

Harrotasuna, errespetua eta inklusioa

Batzuetan pentsatzen dugu inklusioa lortzeko aldaketa handiak egin behar direla. Baina, askotan, askoz errazago hasten da dena: entzutean, errespetatzean eta pertsona bakoitzari beldurrik gabe bere burua izaten uztean.

Indesan pertsona guztiak errespetatuak, baloratuak eta diren bezalakoak izateko aske senti daitezen nahi dugu. Izan ere, lan-ingurune inklusibo batek elkarbizitza hobetzeaz gain, pertsona eta talde gisa hazten ere laguntzen digu.

LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna dela eta, Berdintasun Batzordetik bideo bat egin dugu. Bertan, gure plantillako hiru langilek —Asierrek, Alejandrok eta Óscarrek— euren esperientzia partekatzen dute.

Haien testigantzen bidez errespetuaz, berdintasunaz eta lanean seguru sentitzea zein garrantzitsua den hitz egiten dute. Gainera, oso ideia sinple bati buruz hausnartzera gonbidatzen gaituzte: nor zaren naturaltasunez esateak ez luke inoiz beldurrik eman behar. Onartua sentitzea ez da pribilegio bat izan behar, pertsona guztien errealitatea baizik.

Elkarrizketa irakurri:

Aurkezpena:

Asier: 

Kaixo, Asier dut izena eta Indesan egiten dut lan, Lakuako Egoitzako sukaldean.

Alejandro:

Alejandro naiz. Hamabi urte daramatzat Indesan lanean, eta sukaldeko taldeko kidea naiz.

Óscar:

Óscar dut izena. 2018az geroztik egiten dut lan Indesako garbitegian, eta gaya naiz.

Zergatik da garrantzitsua enpresek aniztasuna errespetatzea?

Alejandro:
Desgaitasunen bat edo sexu-orientazio desberdina izan arren, garrantzitsua da enpresek biak errespetatzea eta gu geu izateko askatasuna izatea.

Asier:
Oraindik badaude gay, lesbiana edo trans izatea gaixotasun bat dela pentsatzen duten pertsonak, baina hori ez da egia. Inork ez du bere sexu-orientazioa aukeratzen. Gaur egun, nire enpresan errespetatua sentitzen naiz. Baloratua sentitzen naiz, eta nire sexu-orientazioari buruz naturaltasunez hitz egin dezaket lankideekin, taburik gabe.

Óscar:
Erantzun txarrak, irainak eta baita homosexuala izateagatik lana galtzea ere bizi izan ditut. Indesan, ordea, leku seguru bat aurkitu nuen. Nire sexu-orientazioaz naturaltasunez hitz egin nuen lehen unetik bertatik, errespetatua eta zaindua sentitu nintzen.

Zer mezu helarazi nahiko zenukete?

Alejandro:
Uste dut garrantzitsuena pertsona guztiak errespetatzea dela, ez baikara desberdinak: denok gara berdinak.

Asier:

Garrantzitsuena da pertsonak direnagatik eta egiten duten lanagatik baloratzea, ez haien sexu-orientazioagatik.

Óscar:
Gaur egun egoera hauek gutxiago gertatzen dira, ikusgarritasun handiagoa dagoelako. Hala ere, pertsona askok une zailak bizi izan ditugu.

Alejandro:
Uste dut enpresek aurrerapauso handiak eman dituztela. Indesan ahalegin handia egin da pertsona guztiek aukera berak izan ditzagun. Kolektiboko pertsonek ere eroso, integratuta eta errespetatuta sentitzeko eskubidea dugu. Azken batean, pertsonak gara, eta aldaketa horiek guztiek gizarte hobea eraikitzen laguntzen dute.

LGTBIQ+