Indesak Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko bigarren lan-saioan parte hartu du gaur goizean, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egindako jardunaldian. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatutako foro honek Arabako enpresa eta erakundeak biltzen ditu, lan munduan euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntza-kudeaketaren inguruko esperientziak partekatzeko helburuarekin.
Aurtengo bigarren saioak barne komunikazioa izan du ardatz nagusi. Jardunaldian zehar, komunikazioa ez dela soilik informazioa transmititzeko tresna azpimarratu da; pertsonen arteko loturak sendotzeko, kohesioa sortzeko eta erakunde barruko kultura indartzeko funtsezko elementua ere badela nabarmendu da.
Saio teoriko-praktikoaren barruan, Enbor Kontsultoreak-eko Aurkene Redondok “Arkitektura eta arima” izeneko hitzaldia eskaini du. Bertan, barne komunikazioaren egiturak eta pertsonen arteko harremanek erakundeetan duten eragina landu dira, inertziatik kontzientziara igarotzeko beharra azpimarratuz. Horrez gain, parte-hartzaileek talde-dinamika batean parte hartu dute, euren erakundeetako egoerak aztertu eta etorkizunerako gakoak identifikatzeko.
Jardunaldian Oreka IT enpresaren esperientzia praktikoa ere ezagutu ahal izan da. Ione Bahonek euskararen erabilera sustatzeko eta barne-komunikazio tresnak euskaldundu eta kudeatzeko garatutako ekimenak aurkeztu ditu, motibazioa, identifikazioa eta eguneroko erabilera sustatzeko praktika errealak partekatuz.
Topaketa amaitzeko, Make It Visual-ek goiz osoan landutako ideien laburpen grafikoa egin du, modu bisual eta argian saioan ateratako ondorio nagusiak jasoz.
Enpresen Foroa 2020an sortu zenetik, erreferentziazko topagune bihurtu da Araban hizkuntza-kudeaketarekin konpromisoa duten enpresa eta erakundeentzat. Hurrengo saioa irailaren 24an izango da, eta hizkuntza gaitasuna izango du hizpide nagusi.