Indesa Enplegu Zentro Bereziak hautaketa prozesu bat jarri du abian 80 pertsona kontratatzeko, udako kanpainan (ekainetik irailera, biak barne) sukalde, garbitegi eta garbiketa arloak indartzeko.
Indesak Gasteizen, Laudion, Oionen, Amurrion eta Agurainen kudeatzen dituen zentro eta zerbitzuetako behargin lanpostuak betetzeko egingo dira kontratazioak.
Enplegu zentro berezia denez, desgaitasuna duten pertsonei emango zaie lehentasuna kontratatzean; izan ere, Indesak dibertsitate funtzionala duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa emateko helburua du, pertsona horien erabateko laneratzea eta gizarteratzea ahalbidetzeko. Nolanahi ere, desgaitasunik ez duten pertsonek ere parte hartu ahal izango dute deialdian, baldin eta desgaitasuna duten pertsonek lanpostu guztiak betetzen ez badituzte.
Indesa irabazteko xederik gabeko sozietate bat da; Arabako Foru Aldundiak du partaidetza handiena eta lurraldeko beste zenbait administrazio publikok eta Eusko Jaurlaritzak ere badute partaidetza. Mila pertsonatik gora daude plantillan, eta horien % 90 desgaitasuna duten pertsonak dira. Hori dela eta, Indesa Arabako erreferentziazko enplegu zentro berezia da eta lurraldean era horretako enplegua sortzen duen entitate nagusietako bat.
Zenbait zerbitzu eta industria ekimenen bidez gauzatzen du jarduera, besteak beste, gizarte etxeen garbiketa, ospitaletako garbitegiak, egoitzetako sukaldeak, lorezaintza, dokumentuen kudeaketa, Forondako aireportuko kafetegia, industriarako tailer osagarriak eta administrazio publikoei zein enpresa pribatuei zerbitzuak ematea. Enpresaren eredua prestakuntza eta laguntza ematean eta ibilbide pertsonalizatuak sortzean oinarritzen da, pertsona bakoitzak garapen profesionala izan dezan eta komunitatean bete-betean parte hartu ahal izan dezan.
Nora jo
Lanpostu horietakoren bat lortu nahi dutenek beren curriculum vitaea bidali dezakete helbide elektroniko honetara: Indesa2010.portaldeempleo@araba.eus