Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako eskaintza aukeratu du Aenak 2011tik itxita dagoen baliabide baten ustiapenaz arduratzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 11. Arabako Foru Aldundiak, Indesa 2010 Enplegu Zentro Bereziaren bitartez, Gasteizko aireportuko kafetegia jarriko du martxan. Hala baieztatu dio Aenak foru erakundeari, eta haren eskaintza aukeratu dute duela zazpi urtetik itxita dagoen aerodromoko baliabide bat martxan jartzeko.
Errentamendua konfirmatu ondoren, Indesak kafetegiaren buru jarriko diren langileak prestatu ditu, eta, horrela, ostalaritza enplegu-zentro berezi horrek eskaintzen dituen zerbitzu ugariei gehitu die. Zerbitzu horiek garbitegitik sukalderaino, garbiketatik, lorezaintzatik eta industria-zerbitzuetatik igarotzen dira. Arabako Foru Aldundiaren eta lurraldeko hainbat toki-erakunderen partaidetza duen Indesa 2010 sozietateak 800 langile baino gehiago ditu, eta horietatik % 92 desgaitasuna duten pertsonak dira.
Akordioa datozen egunetan sinatuko da, eta ekainetik aurrera sozietate publikoak 360 metro koadroko mahai-eremua eta 65 metro koadroko barra-eremua hartuko ditu bere gain. Hala eta guztiz ere, kafetegia ez da berehala martxan jarriko. Indesa 2010eko zuzendaritzak instalazioak aztertu ditu, eta hainbat akats antzeman ditu, bai gune nagusian, bai komunetan. Hori dela eta, birmoldaketa bat egin beharko da.
Horrenbestez, uste da uztailean irekiko dela espazioa, aireportuak hegaldi erregularrak dituen egun eta ordutegietan soilik emango baitu zerbitzua.
Neurri hau Arabako Foru Aldundia Gasteizko aireportua erabiltzaileei esperientzia egokia eskaintzeko beharrezkoak diren azpiegitura eta zerbitzuez hornitzeko egiten ari den ekintzen barruan sartzen da. Hain zuzen ere, Pilar García de Salazar ahaldun nagusiorde eta Ekonomiaren Garapen eta Lurralde Orekako diputatuak, Indesa 2010 bere zeregin berrian bultzatuko duen saileko arduradunak, pozik agertu da “bidaiari askok eta askok helarazi ziguten eskaera betetzeagatik”. “Zamari dagokionez erreferentea izateaz gain, bidaiarien hegaldi erregularren esparruan ere aurrera egingo duen aireportu bat izateko beharrezko pausoak ematen ari gara, euskal erakundeak ematen ari gatzaizkion bultzadari esker”, azpimarratu du diputatuak.