Arabako Enpresen X. Foroa

Gasteiz, 2024ko maiatzaren 23a. Arabako enpresetan euskara erabilera bultzatzeko eredu propioa lantzeko lanean jarraitzen dute lurraldeko eragile sozioekonomikoek. Lanabes egitasmoak gidatuta, maiatzaren 23an goizean Arabako Enpresen X. Foroa egin zen Gasteizko Europa jauregian, eta aurreko deialdietan gertatu moduan, oraingo honetan ere harrera beroa izan du deialdiak: 28 enpresa eta eragile sozioekonomikok hartu dute parte. Horien artean, Indesa 2010.

Praktika onen berri jaso zuten enpresa parte hartzaile guztiek, eta foroaren amaieran talde lanean aritu ziren Arabako enpresetan hizkuntza kudeaketa nola bideratu behar den adosteko.

Euskarak enpresan izan behar duen lekua zehazten

Arabako Enpresen Foroan talde lana egiteko tartea ere egon zen, Arabako enpresetan euskarak zein leku eduki beharko lukeen hausnartzeko. Zehazki, enpresetan eragiteko praktika onek izan beharreko ezaugarriak eta arrakastarako gakoak identifikatzeko lana egin zen taldeka. Horrez gain, udazkeneko hurrengo foroan landuko diren beste hainbat proposamen jaso ziren.