IZENA:
Sophie Ngo Wonyou
LAN-EREMUA:
Harrera
PUESTO:
Langile kualifikatua
ANTZINATASUNA INDESAN:
5 urte
Aurkezpena
Sophie Ngo Wonyou naiz, Kamerungo Eseka hirikoa. Duela 16 urte etorri nintzen Gasteizera.
Administrazioa, Kontabilitatea eta Fiskalitatea ikasi ditut. Ikasten ari nintzela, beste herrialde batetik etorritako bakarra nintzen, eta batzuetan azalpenak ulertzen ote nituen galdetzen zidaten. Nik nota onak ateratzen nituen, eta dena gainditu nuen, errepikatu gabe. Oso harro nago egindako ahaleginaz eta honaino iritsi izanaz.
INDESAn praktikak egiten hasi nintzen, eta ordutik enpresan jarraitu dut lanean.
Nola hasi zinen INDESAn?
Ikasketak amaitu nituenean, bulego nagusietan hasi nintzen praktiketan. Gero, baja bat betetzeko aukera sortu zen, eta beste bost edo sei hilabetez geratu nintzen.
Garai hartatik, batez ere lankideak ditut gogoan, oso ondo hartu baininduten. Leire finantza zuzendariak asko lagundu zidan neure buruarengan konfiantza hartzen. Javi, Garbiketa arloko arduraduna, pertsona zoragarria da. Maitasun handiz gogoratzen ditut Iñaki Uribarri, Juan Caño, Virginia, Eva, Mar, Raquel, Itxaso, Andrea, Mónica, Jesús eta Miguel Ángel ere.
Eta nire Pilu, bihotzean daramat eta. Berak irakatsi zidan dakidanaren zati handi bat. Horregatik diot hainbesteko maitasuna. Gainera, bulegoetatik joan nintzenean, oso keinu polita izan zuten nirekin.
Ondoren, Abetxukuko, Lakuako eta Abatuako egoitzetan lan egin nuen. Orain hiru urte daramatzat Sallurtegi egoitzan, eta oso gustura nago. Giroa oso gertukoa da, etxean bezala sentitzen naiz. Egia esan, zentro guztietan sentitu naiz ondo, eta pozik eta esker onez joaten naiz lanera.
«Sofía, INDESAko fashionena» ezizena ere jarri didate! Eta ilusio handia egiten dit.
Zer baloratzen duzu gehien INDESAn egiten duzun lanaz?
Gehien baloratzen dudana segurtasuna eta lan egiteko aukera izatea da, gehiago lan egin ezingo nuela pentsatzen nuen une batean iritsi zitzaizkidalako. Niretzat, INDESAk asko esan nahi du, bigarren aukera bat eman didalako.
Nigan jarri duten konfiantzak neure buruarengan segurtasun handiagoa izaten lagundu dit. Lanerako deitzen didaten bakoitzean, nirekin kontatzen dutela sentitzen dut, eta hori izugarri baloratzen dut.
Zer egitea gustatzen zaizu lanetik kanpo?
Elizara joatea, otoitz egitea, alabarekin denbora pasatzea, erosketak egitea eta jatetxeetara bazkaltzera edo afaltzera joatea gustatzen zait.
Hona iritsi nintzenean, txakurrekin dagoen harremanak eman zidan atentzioa. Nire herrialdean beldurra nien, kosk egin eta gaixotasunak transmititu zitzaketelako. Hemen, berriz, harritu egin ninduen familiako kide direla ikusteak. Pasaportea ere badute! Oraingoz ez dut txakurrik eduki nahi, baina dagoeneko laztantzera ausartu naiz —dio barrez—.
Zer ulertu beharko luke hobeto gizarteak desgaitasuna duten pertsonei buruz?
Desgaitasuna dugun pertsonok lan egin dezakegula eta ekarpen handia egin dezakegula. Batzuetan, lanpostua gure beharretara egokitu behar da, gure lana egin ahal izateko.
Niri lan egiteak hobeto sentitzen laguntzen dit, eta gaixotasunean etengabe ez pentsatzen. Horregatik jarraitu nahi dut lanean: on egiten didalako.
Beste herrialde batera ilusioz iritsi eta, bat-batean, bizitza aldatzen dizun gaixotasun bat agertzea ez da erraza. Lehen zeure kabuz egiten zenituen gauza batzuk egiteko laguntza behar izaten hasten zara. Gainera, kritikek edo irainek min handia egin dezakete.
Gustatuko litzaidake jendeak ulermen handiagoa izatea, guri entzutea eta gugan konfiantza izatea. Laguntza eta aukerak izateak asko laguntzen du konfiantza berreskuratzen eta aurrera egiten.
Amaitzeko… Zein da gehien gustatzen zaizun telesaila, filma edo abestia?
Elizako abestiak asko gustatzen zaizkit. Batez ere goizetan entzuten ditut, egunari aurre egiteko segurtasuna ematen didatelako.

